Gauza jakina da, hizkuntzak giltzarri direla ikasleen enpleagarritasuna hobetzeko, horregaitik, hizkuntzak jakitearen eta hizkuntzei arreta berezia ematearen garrantzia.
Hezkuntza Sailak, EAEko ikasleek atzerriko hizkuntzan duten gaitasuna hobetu dezaten hainbat ekimen bultzatzen ditu, eta horrekin lotuta LHko ikastetxe publikoetan ingelesa emateko programa jarri du martxan. BIRTLHko 60 ikaslek aukera hori baliatu eta Mondragon Lingua eskeintzen ari den ikastaroan parte hartuko dute aurreko astean hasi eta 2021eko otsailera bitartean. Ikastaroa borondatezkoa, doakoa eta, nola ez, telematikoa da. Hasi aurretik, ikasleek maila-proba bat egin behar izan dute, eta horren araberako ikastaroa jasotzen ari dira, Europako Marko Bateratuko A2tik B2ra bitartekoa.
Naiara Otiñano Erkiaga, MondragonLinguako aholkularia da, eta galdera hauei erantzuteko eskatu diogu:
Heziketa-zikloen curriculumean Ingeles teknikoa txertatuta dago, hala ere, indartze-programa hau jarri da martxan. Zergatik? Gabeziak al daude ingelesaren hizkuntza-gaitasunean?
Lanbide Heziketako ikastetxeek ondo ezagutzen dituzte enpresen benetako beharrak, eta oso lan ona egiten dute ikasleak prestatzen. Egia da, ikasleek oso ezagutza tekniko onak bereganatzen dituztela beren espezialitatean eta alde horretatik, oso prestatuak sartzen dira lan-merkatuan, hala ere, praktikak atzerrian egiten dituztenean, gehienetan zailtasunak izaten dituzte hizkuntzarekin. Horregatik Eusko Jaurlaritzak aspektu hau bultzatzeko beharra ikusi zuen eta kanpoko hizkuntza indartzeko programa sortu zuen. Hasiera batean, goi-mailako zikloko ikasleei zuzenduta zegoen, eta geroago, gainerako ikasleei eman zitzaien aukera.
Ikastaroa telematikoa izango da, 60 orduko dedikazioarekin. Zer landuko da? Zer baliabide erabiliko dituzue?
Ikastaroa 60 ordukoa da eta trebetasun ezberdinak landuko dituzte. Ikastaroak honako egitura du:
- Software didaktikoa: astean 2-3 orduko lana egin beharko dute; ulermena, entzumena, idazmena, gramatika, ahozkera eta hiztegia landuz.
- Tutoretza: hilean behin, jarraipen didaktikoa jasoko dute gure tutore batengandik. Ikastaro mota hauetan, ikuspuntu didaktikotik ikastaroarekin laguntzeko, funtsezkoa da erreferentziazko pertsona bat izatea.
- Mintza Saioa: astean behin,eta mailaka, mintza saio bat egiteko aukera izango dute, bertan entzumena eta ulermena lantzeko.
Hizkuntzen onlineko irakaskuntzan adituak zarete, zer berezitasun ditu eredu honek? Ze abantaila ditu hizkuntza bat online ikasteak? Eta desabantailei (baldin baditu) nola egiten diezue aurre?
Online bidez ikasteak onura ugari ditu; lana eta eguneroko erritmoa ikasketekin uztartzeko aukera ematen du, nahi duzunean ikasteko malgutasuna ematen du eta hizkuntzen kasuan, ikasleak trebetasun guztiak lantzen dituenez, ikaskuntza osoa egiten da.
Kasu gutxi batzuetan, tutoreen laguntzarekin eta aholkularien jarraipen estuari esker, ikasketa ohiturak sortzen lagundu behar izaten dugu.
Covid19ak ikasteko ohiturak aldatu ditu? Online ikasketen eskari handiagoa nabaritu duzue?
Aurrez aurreko modalitatea oso barneratuta egon da beti gure gizartean, eta egoera honen ondorioz, hain ohituta ez geunden modalitateetara jo behar izan dugu, behar bada sortuta zegoen teknologia erabiltzeko ohitura ezagatik, edo ikasketa modalitate honek pertsonaren ahalegin handiagoa eskatzen duelako.
Nahiz eta gure eskaintzaren zatirik handiena online izan, martxoan etxean sartu gintuztenean, aurrez-aurrekoan oinarritutako ikastaroak gela birtualen bidez egin behar izan genituen, eta aurrez-aurrekora ohitutako edota mintza saioak aurrez aurre egiten zituzten ikasleen ikuspegia zabaltzea ekarri zuen ondorio bezala. Gela birtualaren bidez egiten ditugun eskolen ezaugarriak ikusi eta onurak ere somatu zituzten, eta horrek, aurtengo ikasturtean modalitate honen eskaera handitzea bultzatu du.