Praktikan oinarritutako eginez ikasteari, Lanbide Heziketaren oinarrietako bati, mesede egin dio simulazioa eta errealitate birtuala bezalako teknologiak sartu izanak, eta are gehiago urrutiko irakaskuntzan. Teknologia horiek hartzeak hezkuntza-eremuko eraldaketa digitalari erantzuten dio.

Modu praktikoan aplikatutako hezkuntza-simulagailuak aliatu handiak dira baliabide didaktiko gisa, esperientziaren bidezko ikaskuntza bultzatu eta indartzeko bitarteko bezela, ikasleen gaitasuna hobetuz eta prestakuntza-prozesua aberastuz. Gainera, estimulu-iturri ere badira eta ikaslearen motibazioa areagotzen laguntzen dute.

Ikasleak euren lan-etorkizun hurbilean seguruenez izango dituzten egoerei aurre egiteko dauzkaten ezagutzak eta gaitasunak probatu ahal izateko, BIRTLHk simulagailuak erabiltzearen aldeko apustua egiten du gero eta gehiago. Osasun Larrialdiak zikloko Ibilgailuen mekanikako mantentze-lan prebentiboak moduluan, duela urte batzuetatik hona, Car Mechanic Simulator simulazio-jokoaren bidez, matxura mekanikoak detektatu, konpondu, margotu eta automobilen tailer mekaniko bat kudeatzeko erronka jartzen zaie ikasleei. Kurtso honetan, Fabrikazio mekanikoko arloan, Automation Studio erabiltzen hasi dira. Sistema osoak diseinatu, dokumentatu eta simulatzeko erabiltzen den diseinu eta simulazio softwarea da, hidraulika, pneumatika, elektrizitate eta kontrolagailu industrialen teknologia guztiak barne-hartu eta konbinatzeko gai dena. Instalazio Elektrikoak zikloa da gaur egun simulazio-tresnak gehien erabiltzen dituena, eta ikasturte honetan KNX Virtual aplikazioa gehitu da.  Aplikazio honek ikasleari etxe adimentsu baten funtzio guztiak kontrolatzeko aukera ematen dio. Aldi berean, gaur egun Sukaldaritza 360º proiektua lantzen ari gara, tour interaktiboekin Sukaldaritza eta Gastronomia zikloko ikasleek erabili behar dituzten instalazio eta makina guztietatik. Espero dugu aurten martxan jarri ahal izatea.

 

Automation Studio

Car Mechanic Simulator

 

 

 

 

 

 

Ikasleek edozein lekutatik eta ia edozein gailutatik eskura ditzakete baliabide hauek. BIRTLHeko mahaigain birtualen bidez izan daiteke, Automation Studio-ren kasuan bezala, edo banaketa-plataformen bidez, Car Mechanic Simulatorrekin gertatzen den bezala, zentrotik emandako erabiltzailearekin eta pasahitzarekin sartuta.

Izan ere, aurreko abantaila guztiez gain, tresna teknologiko horiek erabiltzeak arriskuak eta kostuak murrizten laguntzen du, bai ekonomikoak eta baita ekologikoak ere. Honetaz gain, bizi berri dugun krisia bezalako aldaketen aurrean sistema erresilienteagoak eraikitzen laguntzen du.