Etengabeko bilakaera teknologikoan dagoen mundu honetan, adimen artifizialak (AA) erakutsi du sektore ugari iraultzeko gaitasuna duela, hezkuntza barne. Horrela, eta IA irakatsi eta ikasteko prozesuan integratzea ardatz duen proiektu baten parte gisa, BIRTLHk kanal bat abiarazi du Youtuben, bere komunitate osoarekin arlo horretako ezagutzak partekatzeko.
Proiektuaren arduradunak Nora San Saturnino eta Beñat Madina dira, Web aplikazioen garapena eta Plataforma anitzeko aplikazioen garapena zikloetako irakasleak: “AA irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren kalitatea hobetzeko modu sortzaile eta estrategikoan nola erabili aztertzea da helburua“, esan du Norak ekimenari buruz galdetu diogunean.
Proiektuaren gakoa AAren gaitasuna aprobetxatzea da, ikasle bakoitzaren beharrizan indibidualetara egokitzeko, horrela, ikaskuntza pertsonalizatuagoa ahalbidetuz. “Hasiera batean, Chat GPT bezalako tresnek ikaskuntza-prozesuan dituzten aukerak eta mugak ezagutarazi nahi ditugu. Nahiz eta irakasleak ezingo dituzten ordezkatu, uste dugu irizpidez erabilita oso lagungarriak izan daitezkeela ikasleak ahalduntzeko eta haien ikaskuntza bizkortzeko “gaineratu du Beñatek.
Kanal hau BIRTLHko ikasle guztientzat eta hezkuntza-teknologiako azken joeren berri izan nahi duten hezitzaileentzat baliagarri izatea espero dute Norak eta Beñatek. Argitaratutako edukien artean, adibidez, prompt eraginkorrak sortzeko hainbat gomendio edo pertsona bakoitzaren beharren arabera Chat GPT konfiguratzeko jarraibideak daude.
Proiektu hau bere lehen faseetan dago oraindik, eta, aurrera egin ahala, berrikuntzak partekatzen jarraituko dugu.