Gero eta teknologikoagoa den mundu honetan, lan-merkatuak gero eta profesional gehiago eskatzen ditu STEAM profilekin (Science, Technology, Engineering, Arts, Mathematics), eta badirudi, egun daudenak ez direla nahikoa etorkizuneko erronkei erantzuteko. Gainera, ikusten da genero-arrakala dagoela ikasketak hautatzean (bai unibertsitate-ikasketetan, bai lanbide-heziketan), eta askoz ere emakume gutxiagok aukeratzen dituztela ikasketak eta lanbideak eremu horietan.
Informatika Ingeniaritzan doktorea, Mari Luz Guenaga irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. Gazteen artean, eta bereziki emakume gazteen artean, STEAM arloak sustatzeko hainbat ekimen zuzendu ditu. Artean, duela gutxi egindako Emakumeak Zientzian, edo bere ardurapeko Inspira STEAM proiektua. Joan den ikasturtean Deustun izan zen Moodlemoot Euskadi 2022 topaketan ezagutu genuen. Biziki interesgarria iruditu zitzaigun gazteak STEAM lanbideetara erakartzeko egiten duten lana, eta eremu horretan emakumeek betetzen duten papera ikusarazteko eta balioesteko egiten dutena. Hori dela eta, aurten Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, elkarrekin ospatu nahi izan dugu.
Unibertsitatean emakumeek gehiengoa izaten jarraitzen dute, eta Lanbide Heziketan, nahiz eta berdintasunetik urrun egon, emakumeen presentzia, oro har, gero eta handiagoa da. Gainera, LHren kasuan, gizonen eta emakumeen arteko desproportzioa txikitu egiten da prestakuntza-maila handitu ahala. Hala ere, nabaria da zientziarekin eta teknologiarekin lotutako ikasketetan emakumezko ikasleen ehunekoa nabarmen jaisten dela. Ba al dago oraindik, ezagutza zientifiko-teknologikoa gizonen kontua dela dioen uste faltsurik?
Arlo batzuetan bai, eta gainera, oraindik ere, komunikabideetan gizonezkoen gehiengoa ikusten da zenbait arlotan. Informatika, adibidez, sektore anitzeko eremu bat da, arlo guztietan txertatzen dena, baina neskak ez dira hainbeste hurbiltzen. Alde batetik, ezjakintasunagatik da, gazteek ez dituztelako ezagutzen ikasketa hoiek ireki ditzaketen aukera guztiak, eta bestetik, zailtasunaren ustea ere badagoelako. Horri, emakumeek beren gaitasunei buruz duten autopertzepzioa gehitzen badiogu, gizonezkoena baino apalagoa orokorrean, neskek errazago menperatzen dituzten edo hobeak diren ikasketak aukeratzen dituzte, hizkuntzak, komunikazioa, sormenarekin lotutakoak, etab. Badago beste uste oker bat ere: “DBHn edo batxilergoan matematikatan benetan ona ez banaiz, ezin izango ditut ikasketa hoiek egin”. Gero, adinarekin ohartzen gara hori ez dela horrela, eta nahiz eta umetan edo gaztetan hain trebea ez izan, gerora, beste irakasle bat suertatu delako, beste motibazio bat dagoelako edo ezagutza hoiek beste arlo batzutan aplikatuta ikusita, matematiketari edo zientziei erabat lotu dakiekela.
Unibertsitate-gradu batzuetako datuak oso deigarriak dira. Gero eta emakume gutxiagok aukeratzen dituzte matematikako ikasketak, historikoki paritarioak izan direnak; informatikako emakumeen matrikulak behera egiten jarraitzen du; Ingeniaritza eta Arkitekturaren adarrean % 25 baino ez dira. Atzera egiten ari al gara, zentzu honetan?
Bai, horrela da. Informatikara bueltatuz, azken urteotan gorakada txiki bat nabaritzen bada ere, 30 bat urte daramatzagu beheranzko joerarekin. Matematikan ere aldaketa handia izan da duela urte batzuetatik hona. Espainiako Ministeritzak urtero kaleratzen duen txostenaren arabera, duela 15 urte arte gutxi gora-behera emakumeen eta gizonen kopurua oso antzekoa zen; are gehiago, emakumeak gehiago ziren, baina ordutik hona, emakumeen kopurua behera egiten ari da. Zergatik? Orain matematika Big Data-rekin, datu-zientziarekin edo adimen artifizialarekin lotzen delako, eta lehen, matematikak matematika-irakasle izateko ikasten ziren ustea zegoelako. Profil hoien eskariagatik, ikasketa hoiek dituztenak berehala sartzen dira lan-munduan, eta mundu horretan ez dago emakumerik. Ezinbestekoa da ulertzea zergatik den garrantzitsua emakumeak esparru hauetan egotea: teknologien garapen-taldeetan emakumerik ez badago, beren ikuspegia eta bizipenak ez dira kontuan hartzen eta horrek garatzen diren produktuetan sesgoak egotea dakar. Eta emakumeak diogun bezala, minoria guztiekin ere, izan etnikoak, kulturalak…, berdin gertatzen da. Ahots guztiak mahai gaineratu behar dira, aniztasuna ez badago, begirada ezberdinak kanpoan geratzen dira. Kontuan izan gainera, garatzen diren aplikazio hoiek gero beste zenbait prozesutan erabiltzen direla, langileen hautaketa eta sustapena, edo proiektu finantziazio prozesuetan esaterako. Frogatuta dago adibidez, emakumeoi selekzio prozesuak itsuan direnean, izena jartzen duenean baino hobeto doakigula.
Baduzu gogoan sesgoekin sortutako teknologia edo produkturen bat?
Hainbat daude. Duela gutxi arte, adibidez, Googleren edo Microsoften itzultzailean honelako testu bat sartzen bazen: “The judge told the nurse to take care of the engineer” gaztelerara beste hau itzultzen zuen “El juez le dijo a la enfermera que cuidara del ingeniero”. Hiru lanbide horietan generoaren mezu subliminal lerratu bat bidaltzen zuen, epailea (“judge”) gizona dela, erizaina (“nurse”) emakumea dela eta ingeniaria (“engineer”) gizona dela dioena.
Estandar unibertsala gorputz maskulinoan oinarrituta dagoela pentsatzea ez da berria. Horrela gertatu da segurtasun-uhalekin, medikamentuen dosiekin edo elurra kentzeko makinen kaleetako patroiekin. Informazioa falta da. Hirigintzan, espazioen diseinuan, edo medikamentuetan, ez dago emakumeei buruzko datu nahikorik.
Unibertsitatean gertatzen denaren antzera, Lanbide Heziketan ere, are alde handiagoekin, emakumeek STEAM adarreko lanbide-familietan duten partaidetza gutxiengoa da. Zenbait ikerketen arabera, goranzko joera txiki bat ikusten bada ere, STEAM lanbide-familia bat aukeratzen duten 10 ikasletik 1 baino ez da emakumea. BIRTLHn matrikula parekidea dugu: gizonak % 57,3 eta emakumeak % 42,7a dira (2022-23 ikasturteko datuak). Hala ere, titulazioen artean generoagatiko aldeak oso nabarmenak dira, grafiko honek erakusten duen bezala:
Zer iradokitzen dizute BIRTLH-ko matrikulazio-datu hauek?
Datu hauek tendentzia orokorrak isladatzen dituzte. Lanbide-Heziketan oso errotuta dago lanbide batzuk gizonezkoekin lotuta daudela: mekanikari bat, instalazio elektrikoko teknikari bat, igeltsero bat…lanbide batzutan oso emakume gutxi daude edo bat ere ez. Erreferenteak falta dira. Beste lanbide batzuk, aldiz, emakumeekin lotzen dira.
Irudipena dago gainera, are eta okerragoa, unibertsitateko ikasketak egiten dituenak bulego edo ingurune atseginago baten lan egingo duela, heziketa-ziklo bat egin duenarekin alderatuz. Industria tailer zikin batekin lotzen dugu, nahiz eta askotan amantal txuri eta ordenagailu eta aginte-panelekin lan egin, eta horrek emakumeak aldendu egiten ditu. Lanbide hauen estereotipoak eragin handiagoa daukate emakumeengan eta muga hori gainditu beharra dago.
INEk (Estatistikako Institutu Nazionala) egindako ikerketa baten arabera, gizonek emakumeek baino % 23,9 gehiago irabazten dute. Ikasketak aukeratzeak azaltzen al du nolabait soldata-arrakala?
Orohar gizonezkoenak diren teknologia eta zientziei lotutako lanbide-perfilen eskaria gero eta handiagoa da, gutxi daude, eta horrek soldaten igoera dakar. Beste hainbat fenomeno ere gertatzen dira hemen, alde batetik, gizonak arlo baten sartzen direnean, arlo hori errebalorizatu egiten da eta prestigioa irabazten du, soldatak igoz. Emakumeekin kontrakoa gertatzen da. Bestetik, malguagoak edo apalagoak ere bagara neurri baten, lan-sustapen baten aurrean adibidez, emakume bat ez da aurkeztuko baldintzen %100a betetzen ez badu, eta gizonezkoa agian bai.
Zer egin dezakegu emakumeak zientzia eta teknologiekin lotutako lanbide hauetara erakartzeko?
Batzutan aurrera pausuak eman ditugula berdintasunerantz uste dugu baina oraindik urrun gaude, eta sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiten jarraitu beharra dago. Txiki-txikitatik egin beharreko lan bat da, eta zentzu horretan garrantzitsuak dira irakasleen formakuntza eta familien sentsibilizazioa, haur hezkuntzatik hasita, guzti hau era natural baten bizi dezaten. Nahiz eta guk ez pentsatu, gure egunerokotasunean sesgo asko ditugu eta ohartu gabe neskei mezu konkretu batzuk bidaltzen dizkiegu beraien gaitasunen inguruan, hezkuntza eta esparru sozialean sesgoak sartzen ditugu tantaz- tanta.
Garrantzitsua da baita ere, erreferenteak ikusaraztea, eta alor ezberdinetako profesionalak eta profesioak egiten dituzten ekarpenekin ezagutaraztea; ispiluak jarri behar dira, aukeraketa egin behar duen norbaitek bere etorkizuna isladatuta ikus dezan. Lan eskasetatik edo baldintza prekarioetatik ateratzako gakoa da Lanbide Heziketa, eta hori aditzera eman behar da.
BIRTLH-en lanean jarraituko dugu, teknologikoa izango den etorkizun hortan, emakumeek iritzia eman, erabakiak hartu eta gidaritza hartu dezaten.