Urrutiko hezkuntzaren testuinguruan, hezkuntza-material digitalen kalitatea bermatzea funtsezkoa da irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren arrakastarako. Ildo horretan, UNE 71362 arauak berebiziko garrantzia du, eta irakaskuntza mota horretan, esparru bat eskaintzen du, erabiltzen diren baliabideen kalitatea ebaluatzen eta sustatzen laguntzen duena.

Ángel L.Gonzalez

Ángel L.Gonzalez

Oraingo honetan, Angel L. González elkarrizketatzeko pribilegioa dugu. Informatikan eta pedagogian prestakuntza sendoa duen profesionala da, eta aipatutako araua idatzi duen batzordeko kidea izan zen.

Informatikako Ingeniaritzan lizentziatua da, eta esperientzia handia du material didaktikoak egiten: Pearson argitalpen-taldeko taldeburua izan da, edTech ODILOko K12 produktuburua, eta hamar urte baino gehiago daramatza Irakaskuntzako Liburu eta Material Editoreen Elkarte Nazionaleko kide aktiboa izaten. Gainera, Angel Sistema eta Aplikazio Informatikoetako Lanbide Heziketako irakaslea da. 2023. urtean, Hezkuntza bikaintasunarekin duen konpromisoa aitortu zitzaion, Hezkuntza Ministerioaren Saria jaso baitzuen irakasle lanagatik.

Azalduko zeniguke labur-labur zer den UNE araua eta zer helburu duen online hezkuntzan?

UNE 71362 arauak eredu bat ezartzen du, lineako irakaskuntza- eta ikaskuntza-inguruneetan erabiltzen diren Hezkuntza Material Digitalen (HMD) kalitatea ebaluatzeko. Eredu hori arauan sartutako tresnen bidez egituratzen da, eta tresna horiek aukera hauek ematen dizkigute:

  • Baliabide onenen hautaketa erraztea.
  • Hezkuntza-eskaintza digitalaren ebaluazio objektiboak eta zehatzak egiten laguntzea.
  • Garatu beharreko materialak erabilera didaktikoan eraginkorrak izango direla ziurtatzea.

Laburbilduz, arau hau baliagarria da hezkuntza-materialetan estandar altuak ziurtatu nahi dituen material erabiltzaile edo sortzailearentzat; izan ere, kalitate handiko HMDn garapena gidatzen du, baita irakasleek, erakundeek edo enpresek haien inguruan eginiko balorazioa ere.

Zer irizpide erabiltzen dira hezkuntza-material digitalen kalitatea ebaluatzeko?

Arauak 15 irizpide ditu guztira. Testuak bere horretan biltzen ez baditu ere, esan daiteke hiru espezializazio-arlotan kokatzen direla:

  1. Irizpide teknikoak: besteak beste, formatua eta diseinua, interaktibitatea, eta materialen eramangarritasuna, berrerabilgarritasuna eta sendotasuna edo egonkortasun teknikoa.
  2. Irizpide pedagogikoak: hauen oinarrian daude edukien kalitatea, materialak ikaskuntza sortzeko duen gaitasuna, ikasleei eskainitako motibazioa eta askotariko ikaskuntza-testuinguruetara egokitzeko gaitasuna.
  3. Erabilgarritasun- eta irisgarritasun-irizpideak: kontuan hartzen dira ikaskuntza-gunearen egitura, deskribapen didaktikoaren argitasuna, nabigatzeko erraztasuna, eraginkortasuna, eta ikus-entzunezko edukien eta testuen irisgarritasuna.

Irizpide horiek bermatzen dute HMDek, teknikoki eraginkorrak izateaz gain, beharrezkoak diren baldintza pedagogikoak eta irisgarritasunekoak betetzen dituztela, ikaskuntza-esperientzia inklusiboa eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko. Lehen esan dudan bezala, arauak tresnak ditu, eta horien bidez, irizpide bakoitzaren betetze maila egiazta daiteke, ondorio arin eta operatiboak lortuz.

Era berean, nabarmendu nahi nuke arau hori aitzindaria izan zela inklusioari dagokionez, irisgarritasuna kalitatearen sinonimo gisa sartu zuen lehena izan baitzen, eta hori, zorionez, ez da dagoeneko hain kontu berria, orduz geroztik egin den guztiari esker.

Zalantza hau sortzen zaigu: askotan baliabide eta material didaktiko terminoak sinonimoak balira bezala erabiltzen dira. Zuzena al da baliokidetasun hori? Zein da desberdintasuna eta zerk eragiten du hezkuntza-baliabide bat kalitatezko material didaktiko bihurtzea?

Hizkuntzari hesiak jartzen saiatzea alferrikakoa da sarritan. Izan ere, Fernando Lázaro Carreterrek esan zuenez, “Hizkuntza bat ez da inorena, baina guztiona da”. Horrekin esan nahi dut organikoki termino jakin batzuk sinonimo gisa erabiltzen hasi bagara, alferrik dela hori akademikoki mugatzen saiatzea.

Nolanahi ere, eztabaida hau landu zen pixka bat, UNE 71362 arauari forma eman genion batzordearen barruan. Arau horrek “Hezkuntza Material Digitala (HMD)” terminoa erabiltzen du; izan ere, azterketa zehatza egin ondoren, baliabidearena baino kontzeptu zabalagoa pentsatu zen. Esan daiteke, nolabait, material batek baliabideak izan ditzakeela, baina alderantziz ez. Adibidez, testuak eta irudiak dituen HTML formatuko hezkuntza-material batean, irudi bakoitza materialaren baliabide bat izango litzateke.

Hala ere, Fernando Lázaro Carreterren ideia berresten dut; izan ere, kontsumitzaile eta Hezkuntza Baliabide Irekien (HBI) sortzaile gisa, kontraesankorra iruditzen zait, izenak dioen moduan “baliabideak” izan arren, errealitatea da askoz hobeto egokitzen direla UNE71362ren “Hezkuntza Material Digitalaren (HMD)” definiziora.

Joan den ikasturtean, gure ikastaroetako bat arauaren irizpideen arabera ebaluatu zen. Zein izan ziren ebaluazio horren ondorio nagusiak?

Egia esan, esperientzia oso positiboa izan zen, modu kolektiboan egin baitzen, BIRTLHko irakasleekin egindako hainbat prestakuntza-saioren bidez.

Zintzoak izateko, UNE edo ISO arauekin lotutako prestakuntza-esperientziak garatzen direnean, ez da erraza esperientzia motibagarriak lortzea. Kontuan izan behar da arau bat testu tekniko formal bat dela, irakasle bat eskuarki irakurtzen eta lantzen dituen testuetatik oso urrun dagoena.

Hori kontuan hartuta, prestakuntza aktibo bat planteatu genuen, non UNE71362ren irizpideak aurkezten, eta taldean ebaluazioak egiten genituen. Distantzia formala haustea lortu genuen, eta araua gauza arin eta erabilgarri bihurtu zitzaigun. Emaitza txosten batean jaso zen, eta honako hau geratu zuen agerian:

  1. BIRTLHko materialek kalitate handia dute, UNE71362 irizpideen arabera.
  2. Alderdi zehatz batzuk hobetuta, bikaintasun-maila gorenera eraman ditzakegu.

Gainera, BIRTLHrekin sortutako esperientzia positiboari eta harreman onari esker, 2024ko lehen seihilekoan materialak sortzeko eredu bat ere osatu genuen, emaitzen kalitate gorena lortzea bermatzen duena. Ebaluazio erreaktibo bat materialak sortzeko gida proaktibo bihurtu dugu.

Zure ustez, nolako bilakaera izan beharko lukete hezkuntza-materialek, agertzen ari diren aurrerapen teknologietatik eratorritako aldaketetara, hala nola adimen artifizialera, egokitzeko?

Uste dut gero eta material praktikoagoak eta pertsonalizatuagoak eskatzen direla helburu jakin baterako. Atzean ari dira geratzen ikuspegi orokorra baino eskaintzen ez duten material orokorrak. Ikasleek testuinguru gutxiago eta aplikazio praktiko gehiago behar dute.

Niretzat, hezkuntza-materialak pertsona batek irakats dezakeenaren adierazpenik garbiena izan behar du. Autobiografia bat irakurtzeak pertsona bat benetan nolakoa izan zen ezagutzeko aukera ematen digun bezala, hezkuntza-material bat erabiltzeak modurik onena izan behar du jakiteko nola ikasten duen eta nola irakasten duen pertsona batek, zehazki, materialaren sortzaileak.

Era berean, uste dut adimen artifiziala oso positiboa dela sortzailearentzat; baliagarria izan daiteke material sortzailearentzat, batez ere, sormenaren blokeoak hausteko edo zati errepikakor batzuk osatzeko. Laguntzaile aliatu moduko bat da, eta, gehienbat, edukiak ugaritzea ahalbidetuko du.

Hezkuntza-material baliagarrienen eta, hedaduraz, eskaera handikoenen funtsa hau izango da: sortzailearen oinarrizko jakintzaren eta Interneten metatutako jakintza osagarriaren arteko oreka.

UNE 71362 arauaren inplementazioak, hezkuntza material digitaletarako kalitate estandar bat ezartzeaz gain, gogoeta sakon bat ere bultzatzen du, baliabide horiek teknologia berrietara egokitzeko moduaren inguruan. BIRTLHn, pribilegiatuak sentitzen gara Angel L. Gonzalez bezalako adituen laguntza izateagatik, haren ikuspegia eta esperientzia funtsezkoak baitira etengabeko hobekuntzaren bidean gidatzeko.